XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUZKERAREKIKO KEXUBI

AZPARREN'EK - Idatzia

Kexu natzaizu, euskera; kexu, biotzean kezkaz; kexu adimenean galdeirauliz.

Zureak egingo ote? Eta geuk ikusi bear? Egia iltzer zaitugula?

Eta zeuk bakarrik eusten duzun Eukalerria ere, zurekin batera joango al zaigu?

Idatzi bear izango al dute laister gure ondorengoek: emen Euskalerria bizi zala?

Zure ta gure gerokoa... eriotza besterik ez?

Geldi zaitez euskera, eutsi zerorren burua amiltzera zoazen, malda irristakor orren egian!

Eta gera zaitez gugaz, bearra zaitugu-ta.

Ez al dakizu geron biziak zuregandik artzen duela izateko bearra zaion guna? Baña, egia ote, il nai duzula?

Ez al duzu ikusten zu barik umezurtz gerala, eta geuk ere, soillik, eriotza baño beste gerokorik ez dugula?

Bizi zaitez euskera!

Noraezeko, ezinbestekoa baita zure bizia gure Euzkadi be bizi dedin.

Ez il, arren! Iraun gurekin, gugan, guretzat.Ama zaitugu, ta ama maitagarria, ama laztangarriena.

Ez al dituzu zure semeak maite? Ez ote zera guretzako ama?

Bizi, bizi euskera! Bearra dugu zure bizia, Euskalerri'ak il nai ezpaitu.

Bizi nai dugu, ama, ta gure bizia zeuk bakarrik eutsi dizaigukezu.

Bizi, bai, euskera, geron ama otoi!

Ba-dakizu egia da, egi latza zure seme askok benetan maite ez zaituela, zugandik urrun dabiltzela.

Bai, geuk ere ongi dakigu ori.

Baña su ama zera ta ama izan bear duzu beti.

Mundua sortu zanetik nun eta noiz bere semeak maite ez dituen ama?

Ez eta abere narrazgarrien artean be.

Zu ere ama ona zera; jakiña oso, semeak maite dituzula.

Semeen errua, bai aundia da.

Zenbat, biziaren zear, alboan utzi zaituela!

Eskergabeak alakoak.

Alabaña ez begitan artu zure seme oker oiek; apika, adu txar batek, bidean abiatu ziranean, norabide txarrago eman edo zien, eta bidekatu bear.

Bai, ba-dakigu.

Esan dizaigukezu, adu onak ere gurean bizi izan dirala, bide zuzena erakutsi duten adimen zoliak be, bai ta eginbide nagusiena zein dugun adierazi diguten biotz azkarrak ere.

Egia da, bai, ama.

Baña, jakin be, ba-dakizu, ama batek bere kutunari bider aunitz esaten diola zer egin bear duen, egokiena zein zaion... aspertzeke.

Egon, ama, egonarriz.

Euki ere, ba-dauzkazu, ama biotz-biotzetik maite zaituen semeak.

Emen gaude, ama ementxe.

Tolesgabeko biotzak dauzkazu gureak; ume bakun eta xaloak, zure mateletan pa-ematen; zure besoen eske, aupa esanez; zure kolko-beroaren billa; zure ezpañen itz goxo, irriño ta muinen egarriz.

Maite zaitugu, ama, txik maite; gure biotz-barnean, gure gogo-muñetan, zureganako maitasuna bizia biurtzen zaigu; esne ta eztiz blai-blai, indartzen eta inguratzen gaituen bizi guria, suspergarria.

Eta zure seme txiki auek aundituko zaizkizu; baña gizon egiñik ere, zurea izango da beti geron biotza, bizi artean.

Eta zugandik eldu zaizkigun laztanak, muñak, besarkadak, biotza, maitasuna, zoriona, bizia... guriaren ordañez zutik egongo geran egun eta orduetan, lipar bat ere utzi gabe, zure alde lan egingo dugu, gogor, isituki, agitz, ausarki.

Geron barnean ukan ditzakegun ahalmen guziak bat egiñik, zin dagizugu, ama, zureak izatea, beti!